K6 Gestión Cultural

BLOG!

8 junio 2011

SAN TELMO, GIZARTE MUSEO BERRIA
San Telmo Museoaren museologia berria

San Telmo museoak eraldaketari ekin zionetik ia 20 urte igaro dira. Udalak 1994an erabaki zuen itxuraz zein edukiz eta diskurtsoz zaharkituta geratu zen museoa berritzeko deialdi publikoa egitea.

K6 Gestión Cultural enpresak aurkezturiko San Telmo: Euskal kulturarako museoa (San Telmo: Un Museo para la Cultura Vasca) aukeratu zuten Espainian aitzindaria izango den museo-eredua sortzeko abiapuntu gisa. Eredu berri hori gizarte museoa da.

Museo-kategoria horrek diziplinartekotasuna proposatzen du gizarteak aurkezteko estrategia gisa. Quebec izan zen, beti ongi partekatu izan ez duen iragana ulertu nahiak bultzatuta, Zibilizazioen Museoa sustatu zuena; horixe izan da historia eta etnologia museoak gizarte museo bilakatzeko erreferentzia-eredua 1988an ireki zutenetik. Zalantzarik gabe, erabakigarria izan da museologiaren historian.

Gainera, eta hortxe dago gizarte museo deiturikoen espezifikotasuna, historia edo etnografia museoetatik erabat bereizten dituen elementu bat daukate: garaikidetasuna diskurtsora ekarri izana, edo, bestela esanda, etorkizuna eraikitzerakoan orainaldiaz baliatzea iraganaren ezagutzatik abiatuta.

Ildo horretatik, aukeratutako proiektuak San Telmoraino ekarri zituen nouvelle museologie izeneko mugimenduaren printzipioak.

Hortaz, proiektuak San Telmoren modernizazio formalaz gain, museologia-korronte berriekin bat egitea ere planteatzen zuen. Korronte horien arabera, museoaren helburua ez da bildumak aurkeztea bakarrik; aitzitik, objektu horiek ekoitzi dituzten gizarteak dira museoko protagonistak.

Ikuspegi horrek mesfidantzak sortu zituen politikarien artean eta oposizio aktiboa gizarteko estamentu eraginkorren artean, ez zegoelako inguruan inolako erreferentziarik. Berriz ere, proiektuak laguntza baino oztopo gehiago aurkitu zituen. Beste ekipamendu batzuek egoera aprobetxatu eta erakundeen adostasuna lortu zuten; lehenik Kursaalak eta ondoren, Tabakalerak.

Zorionez, hori guztia atzean geratu da. Prozesu luzea izan da, ordea. Museoaren urte hauetako kronikak erakusten du zenbat zailtasunari aurre egin behar izan zaien ondarea gordetzeko ohiko gunearen eredu tradizionala gainditzeko eta gaur egungo gaiez gogoeta egiteko gune bilakatu nahi duen museo-ereduari bidea irekitzeko; laburbilduz, gizartearentzat benetako tresna baliagarri bilakatzeko. Elkarrizketarako, eztabaidarako eta ideiak partekatzeko gune. Izan ere, museoaren adierazpen-planteamenduek eztabaidatzea dute helburu, ondorioak aurkeztu ordez.

Beraz, San Telmok Europako historia eta etnologia museo nagusien berrikuntza-mugimenduarekin egin du bat. Museo zerrenda horretan daude, besteak beste, Bretainiako museoa, Quay Branly edo etorkizuneko Europako museoa eta Frantziako Mediterraneo museoa.

Entradas relacionadas

http://www.k6gestioncultural.com/wp-content/plugins/sociofluid/images/facebook_32.png http://www.k6gestioncultural.com/wp-content/plugins/sociofluid/images/twitter_32.png